Historia

Audikanako historia antzinagokoa den arren, XI. mendetik aurrera idazten hasi zen. Hau da, 1040 urteaz geroztik Sancho López de Audicana abizenaren bidez herri honen existentzia jakitera eman zen. 

XVIII. mendean herriak bi auzo zituen: Goicoechealdea eta Barrio de Abajo. Lehenengoa, egun eliza dagoen inguruari esaten zitzaion. Bigarrena, aldiz, Zadorra ibaiaren inguruari zeritzon. 

Arestian aipatzen den moduan, Goicoechealdea auzoan eliza dago. Hau herriko punturik altuenean eraiki zenez, gerra garaian gordeleku moduan ere erabiltzen zen. Elizaren inguruan Udaletxea eta kartzela ere eraiki ziren. 

Bestalde, Barrio de Abajo delakoa Hospitalondo moduan ere ezagutzen zen, inguru horretan XVI. mendean eraikitako ospitale bat baitzegoen. Baina, Audikanako bideetatik ibiltari anitz pasatzen zirenez, herriak ospitalea edukitzeaz gain, lau baseliza ere zituen. Dena den, zoritxarrez, baseliza guztiak XVIII eta XIX. mendeen bitartean desagertu ziren. 

1556. urteko dokumentuak Erdi Aroko hiru baselizei buruz mintzatzen dira: bat San Mamesen oroimenean egin zen, beste bat San Jorgeren omenez, eta azkena “Sant Adrián”-i eskainita zegoen. Ondikoz, audikanatarrek San Mameseko baseliza non zegoen ahaztu dute. San Jorgekoa, aldiz, herriaren hegoaldean zegoen, elizatik 500 metrotara. Bertan, baseliza XIX. mendeko bigarren erdira arte zutik mantendu zen. Bestalde, “Santa Trinidad”-en omenez egindakoa, 1556an “Sant Adrián” moduan ezagutzen zen; 1558an “Sante drian” deitzen zen, eta geroago “San Adrián” izena jarri zioten. Hortaz, San Adrianeko baseliza “Santa Trinidad”-en oroimenez egin zenez, gaur egun elizan baseliza horretatik eratorritako margo bat dago. Margo hori XVI. mendekoa da, eta bertan “Trinidad y el Tetramorfos” irudikatzen da.