Hermua Elgea mendilerroko mendateetariko baten oinean dago, eta bertatik Leintz Gatzagatik Agurainerako bidea igarotzen zen. Hermua izenak adierazten du landu gabeko lur-eremuan sortu zela, ez zelako emankorra edo bestelako arrazoiengatik. Euskaraz, eremu hitzak, latineko “eremus” hitzetik datorrenak, esanahi bera dauka. Ermua izenarekin agertzen da 1025eko “Reja de San Millán” dokumentuan. Agiri horretan, zerrendatuta agertzen dira San Millán de la Cogolla nafar-errioxar monasterioari zergak burdin hesiekin ordaintzen zizkioten Arabako herriak. 1257ko Jerónimo Aznar de Calahorra apezpikuaren ondorengo dokumentuan Hermoa deiturarekin agertzen da, hatxez idatzita, eskribauak, gaztelaniaduna izanik, zuzenean gaztelaniatik itzultzen baitzuen. Ondoren, grafia horri eutsi zitzaion, gaztelaniaren honako araua aplikatu baitzitzaion: er- hasiera duten hitz guztiak hatxez idazten dira, adibidez, “hermano”, “ermita” salbu. Horretaz ari garela, “ermita” ere latineko “eremus” hitzetik dator, baita Ernesto ere.

Hermuako hirigintza sakabanatua da; baserriak barreiatuta daude eta ez dago kalerik, zentzu hertsian esanda. Horren arrazoia izan daiteke Konbentzio Gerran (1794-1796) errepublikano frantsesak lur horietatik igaro ostean jasandako sutearen ondoren berreraiki zela. Mihi gaiztoek diote Larreatarrek frantsesei lagundu zietela gaiztakeria horretan eta horregatik dutela “frantses” ezizena. Hala, zergatik jakin ez arren, “chorizos/lapurrak” esaten zaie.