Herritar guztien eskurako foroa eztabaidatzeko eta ideiak emateko udalerriarekin loturiko hainbat alderdiri buruz (gazteria, kirola, turismoa, iraunkortasuna, hirigintza, aisialdia eta kultura, herritarren segurtasuna eta berdintasuna eta gizarte-ekintza). Era berean, iragarki-taula bat daukagu herritarrok gure eskaintzak eta eskariak adierazi ahal izateko.

Gebara herrixka Zadorra ibaiak zeharkatzen du eta Barrundiako Udalaren baitan dago. Araban dago, Euskal HerrianEspainian.

Historia

Dezente hedaturiko ustearen arabera, egungo Gebara barduliarren tribuaren antzinako Gebala hiriaren gainean dago, Claudio Ptolomeo geografo grekoak II. mendean aipatua. Uste horren oinarria izen bien antzekotasun nabarmena da, hala nola barduliarren lurraldea ziurrenik Arabako Lautadan zehar hedatzen zela. Halere, ez dago inolako froga arkeologikorik teoria hori berresteko.

Inongo dokumentutan ez da jasotzen noiz sortu zen Gebara hiribildua. Erdi Aroan agertzen da, baina pentsa daiteke XI. mendearen amaierakoa dela. XII. mendearen bukaeran, antza, Vela-Ladrón leinua finkatu zen Gebarako lurretan, kideen artean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat jaun izan zituen Nafarroako handiki-familia bat. Leinuak Gebaran ezarri zuen oinetxea eta abizen hori erabiltzen hasi zen 1200. urtean, Gaztelak Araba konkistatu ondoren. Gebaratarren leinua ganboatarren buru izan zen Euskal Herria XIV. eta XV. mendeetan suntsitu zuten Bandoen Gerretan.

Arriagako Kofradia desegin eta Araba 1332an Alfonso XI.a erregearen agindupera igaro ondoren, Gebara hiribilduaren aldeko salbuespen-kapitulua berariaz osatu zen. Testuak honakoa dio:

"Otrosí nos pidiéron por merced que les otorgásemos que la aldea de Guevara onde D. Beltran lleva la voz, que sea excusada de pecho y de semoyo y de buey de marzo, segun que fue puesto y otorgado por la Junta en otro tiempo. Tenémoslo por bien, por le facer merced, y otorgamos que la dicha aldea sea quita de pecho, segun dicho es, pero que retenemos para nos el señorío real y la justicia"

Gebarak judutegia izan zuen, 1485an aipatzen dena; bertako juduek Gasteizko juduen erkidegoarekin batera ordaindu zituzten zergak Granadako gerrarako.

Gebarako Gazteluan, antzinako gotorlekuan, 1837an, Lehen Gerra Karlistan, 5 artilleria-pieza leheneratu ziren. Gaztelua Arabako biltegi nagusia izan zen, baita karlisten artxibategia ere, hiru konpainiatako soldadu-taldearekin. Bere hormen aurrean, Martín Zurbano jeneralak, gerrillari liberal ospetsuak, borroka etengabeak eta odoltsuak izan zituen. Jauregia 1839. urtean erre zen eta gaztelua gerra amaitu ostean leherrarazi zuten, karlistek oraindik ere berrogei egunez eutsita bertan.

Gebarako ermandadea eta udalerria

Gebarako ermandadea izen bereko hiribilduak (hiri nagusia), Elgeak, Eturak eta Urizarrek osatzen zuten. Hiribildua eta hiru herrixkak ondokoek gobernatzen zituzten: alkate arruntak, alkateordeak Oñatiko kondeak izendatzen zituen hiru urterako, bi errejidorek herri bakoitzean eta prokuradore jeneral batek, azken hori aurrekoek aukeratzen zuten kondearen jauregian, baina kondeak parte hartu gabe. Kondeak alkate nagusia ere izendatzen zuen, apelaziorik bazegoen auzietan parte hartzen zuena.

XIX. mendeko udalaren erreformarekin batera, Gebarako Ermandadea udalerri bilakatu zen. 1885 aldera, Gebara Barrundiako udalerriaren baitan geratu zen, eta, harrezkeroztik, haren herriak Barrundiari dagozkio.