Barrundiako Udalak, uztailaren 8an, larunbatean, eguerdiko 13.00etan udaletxeko enparantzan  egin zuen ekintza/omenaldia, horren xedea 1936ko kolpe militarraren ostean Barrundian errepresioaren eta jazarpenaren biktimak gogora ekartzea delarik, bereziki Jose Placer, bere fusilatzearen 80.urteurrena izanik, 1937ko uztailaren 5ean gauzatu zena.




JOSE PLACER MZ. DE LECEA

1937ko uztailaren 5eko goizaldean, Santa Isabel hilerriko iparraldeko hormaren ondoan fusilatu zuten José Placer, EAE-ANVko militante, alderdi horretako Batzorde Nazionaleko kide, Arabako Aldundiko kudeatzaile eta Eusko Indarreko buruzagi izandakoa. Ozaetan jaioa, gurasoak Feliciana eta Gerardo (35 urtez Barrundiako medikua) zituen, eta hamabost anai-arreben artean zaharrena zen. Familia faxismoaren aurkako borrokagatik zen ezaguna, eta zuzenean jasan zituen gerraren ondorioak eta errepresio frankista. 

1896an jaio zen, Ozaetan (Barrundian), eta bertan bizi izan zen oso goiz Gasteizera joan behar izan zuen arte, lanera. 1930ean, EAE-ANV sortu zen, eta Josék alderdi ekintzailearekin bat egin eta Arabako bultzatzaile nagusietakoa izan zen, ideia abertzale eta ezkertiarrak oinarri. Alderdiko Batzorde Nazionaleko kide eta herrialdeko ordezkari izendatu zuten.

1936ko hauteskunde-kanpainan, modu aktiboan hartu zuen parte, eta herriz herri ibili zen Araban zehar, baita Gasteiz hiriburuan ere, non ANV barne hartzen zuen Fronte Herritarrak alde handiarekin irabazi zien aurkariei. Hauteskundeen ondoren, Arabako Batzorde Kudeatzaile Probintziala (egun Aldundia litzatekeena) berritu egin zen, eta José Placer, José María Belaustegigotia ekintzailearekin batera, ANVko kudeatzaile izendatu zuten. 

1936ko altxamendu militarraren ostean, Placerrek ihes egin behar izan zuen. Lehenengo, Antzoki Berrian (egun Principal Antzokia) ezkutatu zen, eta, ondoren, Ozaetara alde egin zuen, hantxe Ofelia arreba gaztea zuelarik (gurasoak Narbaizan zeuden, gaixoren bat artatzen). Arrebaren bitartez, herriko gazte batek (geroago ekintza horregatik errepresaliatua izan zen) Elgea mendilerroan zehar eraman zuen Eskoriatza herri gipuzkoarreraino.   

Hantxe, Placer Eusko Jaurlaritzaren agintaritzapean oste frankistei aurre egin zien armadan erroldatu zen, eta EAE-ANVkoek osaturiko Euzko Indarra batailoiko komandante hainbat artilleria-unitate gidatu zituen. Lehenik eta behin, Donostian borrokatu zen, Félix anaiarekin batera. Honek, Euskadiko gudontzidian (Euzkadi itsas armada laguntzailea), 3. Torpedo-ontziaren kontrako ekintza nautikoa zuzendu zuen, eta gero komandantea izan zen Tronuetako frontean, non tirokatuta hil zuten. Gipuzkoako hiriburuan borrokatu ondoren, José Placer Gernikarantz abiatu zen eskualdeko artilleria-unitateen ataleko agintari. Gernikan, beste anaia batekin elkartu zen, Eloyrekin, hain zuzen; hau tenientea zen, eta geroago Santoñan hartu zuten preso. 1937ko apirilaren 26an, armada naziaren Kondor Legioak Gernika bonbardatu zuen, buruzagitza frankistaren Euskal Herriko ikurrik adierazgarriena suntsitzeko estrategiari jarraiki. Astelehena zen, azoka-eguna, eta bonbaketarien eta ehiza-hegazkin alemaniarren erasoak (italiarrek ere parte hartu zuten) sarraski hutsa eragin zuen. Pixka bat geroago, Placer atxilotua izan zen, beste hainbat gudarirekin batera, Gernikako inguruetan. Egun haietan, era berean, Estepan Urkiaga Lauaxeta kazetaria, olerkaria eta Euzko Gudarosteko komandantea atxilotu zuten. Donostiako Ondarretako espetxean izan ondoren,  Gasteizko El Carmen kartzelara eraman zituzten, eta hantxe Placerrek eta Urkiagak oso harreman estua hasi zuten.  

1937ko uztailaren 5ean, epaiketa sumarisimoa egin ondoren, faxistek tiroz hil zuten Santa Isabel hilerriko iparraldeko horman; Lauaxeta ere bertan fusilatu zuten, ekainaren 25ean. Olerkariaren azken hitzak, Alfonso María Moreno apaiz jesuitak bere egunkarian jaso bezala, bere bizitzaren gidari izandako ideien adierazpenik onena izan ziren: «Gora Euskadi Askatuta!» oihukatu zuen bere hiltzaileen aurrean, hormatzarraren behealdera erori aurretik.


Alfonso María Moreno apaizak 1937ko martxoaren eta 1938ko ekainaren artean idatzitako egunkariaren laburpena:

«Lo dago erruduna bere ziegan. Dei bat… jantz zaitez!
Zer sentitu zuen Placerrek une hartan?
Erabat zurbil. Bere emaztearen bila abiatu naiz. 
Ondoren, bere arrebak ere sartu dira.

Kateek eragindako estutasun beldurgarria, kamionetara igotzeak eragindako estutasun beldurgarria, hilerrirako gero eta abiadura motelagoak eragindako estutasun beldurgarria, emozio ikaragarriak. Jaitsi gara. Hormen parean gaude. Deskarga bat…
Placer hotz eta ausart, oso ausart… tiroek txikitu egin dute… 
Bere hiltzaileen aurreko azken oihua hauxe izan zen: Gora Euskadi Askatuta!».

«Duerme el reo en su celda. Una llamada...¡vístase!
¿Qué sintió Placer en aquel momento?
Palidísimo. Voy en busca de su mujer.
Luego entran también sus hermanas.
Las angustias horribles del amarre, las angustias horribles de subir a la camioneta, las angustias horribles de la marcha cada vez más corta hacia el cementerio, emociones brutales. Bajamos. Ya estamos frente a las tapias. Una descarga...
Placer frío y valiente, muy valiente... los tiros lo han desecho...
Su último grito frente a sus ejecutores fue: Gora Euskadi Askatuta!».

Alfonso María Moreno