Barrundiako udalerriaren osaketan hainbat gorabehera izan dira historian zehar. Erdi Aroko eta Aro Modernoko herriak bi motatakoak izan zitezkeen, errealengokoak, zuzenean Koroaren menpe zeudenean, ermandadetan bilduta, eta jaurerrikoak, jaun baten jurisdikzioaren menpe zeudenean. Gure kasuan, banaketa hori, 1835era arte iraun zuena, honako hau zen:

  • Audikana, Dallo, Etxabarri Urtupiña, Heredia, Hermua, Larrea, Matura, Otatza, eta Zuhatzola Barrundiako Ermandadean zeuden.

  • Garaio, Marieta eta Mendixur Ganboakoan.

  • Larrintzar Larrintzarreko Ermandadean, zeina jaurerrikoa baitzen.

  • Elgea, Etura, Gebara, Ozeta eta Urizar Gebarako jaunen jaurerriaren menpe (Gebarako jaunak Oñatiko kondeak izango ziren gerora). 


Jaurerriak desagertu zirenean, 1835ean, udalerri hauek osatu ziren:

  • Barrundia. Herri hauek hartzen zituen: Audikana, Dallo, Etxabarri Urtupiña, Heredia, Hermua, Larrea, Matura, Otatza, Ozeta eta Zuhatzola. Hiriburua Audikana zen. 

  • Ganboa. Herri hauek hartzen zituen: Garaio, Larrintzar, Marieta eta Mendixur eta, gainera, Azua, Mendizabal, Langara, Orenin eta Zuhatzu. Hiribura Azua zen.

  • Gebara, herri hauekin: Elgea, Etura, Gebara eta Urizar. Hasiera batean, udalerri honetan Oñati ere bazegoen, antzinako jaurerriko hiriburua baitzen, eta udalerri osoa Araban zegoen, Oñati barne, baina laster banatu zen lurraldea Araba eta Gipuzkoa artean.