Herriak banan-banan

-Audikana. Antzina, Barrundiako hiriburua izan zen. Aipagarria da San Joan Bataiatzailearen eliza-gotorlekua. XV-XVI. mendeetan eraiki zuten, estilo gotikoan baina amaiera errenazentistarekin. XVIII. mendean zaharberritu zuten. Barruan, Trinitatea irudikatzen duen XV. mendeko taula interesgarria gordetzen du. Erdi Aroko zubia Zadorra ibaiaren gainean.

-Dallo. San Pedro eliza.

-Elgea. Andre Mariaren jaiotzaren eliza, XVI. mendekoa. Hurrengo mendeetan zaharberritu zuten.

-Etura. Jasokundearen eliza.

-Etxabarri Urtupiña. Andra Mari Garbikundearen eliza.  XVI. mendean gotiko estiloan eraikia. XIX eta XX. mendeetan eraberrituta.

-Garaio. Herriko etxeak erortzekotan daude. Herritik gertu, urtegiaren bazterrean, aisialdirako gunea dago. Udan jende asko joaten da hara.

-Gebara. XI. mendeko gazteluaren eta XV. mendeko jauregiaren hondarrak. Oñatiko kondearenak ziren biak. Zurbano jeneral liberalak bi eraikin horiek suntsitu zituen 1839. urtean. Zurbanok berak, urtebete lehenago, su eman zion herriari, karlisten alde agertzeagatik. Jasokundearen eliza, XV. mendekoa. Liberalen sutean erretaula suntsitu zen.

-Heredia. San Kristobal eliza, XV-XVI. mendeetakoa. Herediatarren dorrea, XIII. mendekoa. Gaur egun, eraikin modernoago batek estalita dago.

-Hermua. Toursko San Martin eliza. Leihate prerromaniko bat gorde du. Hermuan jaio zen Andres Orbe Larreategi († 1740). Valentziako artzapezpiku eta inkisidore nagusi izatera iritsi zen.

-Larrea. Donemiliaga eliza. XVI. mendean eraiki zuten, eliza zaharrago baten gainean. Dorrea XVIII. mendekoa da. Lazarragatarren dorrea, XV. mendekoa. El Bolo baserria esaten diote. Larreatarren etxe-jauregia. Han jaio zen Bruno Villarreal jeneral karlista. Gebarako gaztelua defendatu zuen Zurbano jeneral liberalaren erasoen aurrean.

-Marieta-Larrintzar. Erortzekotan dagoen dorre interesgarria. San Joan eliza oso hondatuta dago. XVIII. mendeko eliza. Mendian, Santa Marina ermita dago, XV. mendekoa. Urtero erromeriak ospatzen dira han.

-Maturana. San Martin eliza, XIII. mendekoa. XVI. mendean handitu zuten, baina jatorrizko portada gorde du. Maturana-Iturrizartarren dorretxea. Hilerria bereziki aipagarria da. Eraikinaren barruan dago; mota horretako bakarra da Araba osoan.