Barrundia, izenak berak dioen bezala, barruko aldean dago, mendien arteko zenbait haranetan barreiatuta. Barrundiari buruzko lehenengo aipamenak “Reja de San Millán” izeneko agirian aurkitzen ditugu, eta 1025. urtekoak dira. Agiri horretan, Donemiliaga Kukulako monasterio napar-errioxarrari zerga gisa burdinazko nabarrak ematen zizkioten Arabako herrien zerrenda agertzen da. Garai hartan, bai Araba, bai Errioxa, Nafarroako Erresumaren barruan zeuden.

Dokumentuan, Barrandiz merindadea agertzen da, eta Barrundiako gaur egungo herri gehienak agertzen dira bertan, orain Donemiliagako eta Asparrengo udalerrietan dauden beste herri batzuekin batera. Gaur egun Barrundian dauden herri batzuk, berriz, Ganboako merindadekoak ziren orduan.