gr25

Elgea, GR-25, Ibilbideak, Larrea, Rutas

LARREATIK GALARRETARA GR-25 BIRA ERABILIZ

1 Aza , 2015  

Zortzigarren ibilbide honetan, gure proposamenak jarraipena emango dio aurrekoari, Elgeatik Larrearaino iristen bazen aurrekoa, oraingo honek Larreatik Galarretara eramango gaitu, Barrundiatik kanpo, betiere GR-25 zidorra (Arabako Lautadaren bira) jarraituz.

Larreatik iparraldera doan ibilbidea hartuta, kilometro batera eskumarantz abiatzen den bide bat hartu behar da, GR-25 ibilbidearen seinalea dago, Barriara 3,8 kilometro daudela markatzen duena. Hasieran ez da bide nabarmena, ezta oso zabala ere, baina berehala pista arrunt batera ailegatuko gara eta hau jarraituz ezkerrerantz beste pista batekin egingo dugu topo, hegoaldetik datorrena; guk iparraldera joko dugu. 400 m inguru egin ondoren, eskumara joango gara, lehenik pinudi bat zeharkatzeko, eta ondoren ameztian sartzeko, betiere Axpuru herria hegoaldean dugula. Berehala iritsiko gara Barriara; nahiz eta GR-25 ez den Barriatik bertatik pasatzen, merezi du eliza bisitatzera hurbiltzea, batez ere barruan duen klaustroa ikusteko. Monastegia XII. mendekoa da baina mantendu diren aztarna zaharrenak XV.ekoak dira. Beriki, 1984. urtean berreskuratu zen eta aterpe bihurtu.

Barria atzean utzita, iparraldera joko dugu berriz, Baltia izeneko baserriak topatu arte, zein ameztiez inguratuta dauden. Laster Sorogaina izeneko parajera iritsiko gara, hor bidegurutze bat topatuko dugu eta berehala eskumarantz jo beharko dugu; une horretan pista landaz inguratuta dago, ametzak atzean gelditu dira. Eskorta erreka zeharkatu ondoren, eta pista aldapan gora jarraituz gero, Narbaiza eramaten duen bidea topatuko dugu. Metro gutxi batzuk lehenago, eskumara berreskuratutako zabortegi bat ikus daiteke, gaur egun landaretzaz estalia.

Bidea jarraituz, ur-andela bat aurkituko dugu gure eskuman. Daramagun pistak amezti gazte bat zeharkatzen du, laster seinale bat ikusiko dugu ezkerrerantz; kontuz hemen, bide estuena hartu behar da eta. Gure ezkerrean tontor txiki bat ageri zaigu, egurrezko seinale batean Bokario izenez markatua dagoena; bertatiik bistak politak dira, inguruko herriak ez ezik (Arriola, Gordoa, Galarreta…) mendi ezagunenak ere ikusten baitira (Elgea, Malkorra, Pil-pil, Aratz, Umandi, mendebaldetik ekialdera). Bideak hesi baten aldemenetik jarraitzen du; une jakin batean zeharkatu egin behar da (GR-25 ibilbidearen ikur gorri eta zuriz markatua), hemendik aurrera ibilbidea ez da oso nabarmena, beraz, adi egon landa zabal bat gurutzatzerakoan, seinalerik ez baitago. Landaren beste ertzean hesiaren gainetik salto egin behar da, bertan baitaukagu GR-25aren seinalea, aurrerago bi hesien artean jarraitu behar dugu aldapan gora, Narbaxa mendikatea zeharkatzeko ekialderantz.

Hemendik, Malkorraren hegoaldera karkaba batzuk ikusten dira, batetik ura dariola, Urkate edo Urkatu izenaz ezagunak. Eurite dezenteen ondoren bisitak merezi dute, gainera bertara ailegatzeko bidea gertu pasatzen da.

Zonalde honetan ehiza industriala egiten da urte guztian, hau da, ehiza-barrutia da, baina bertako ustiapen-mota abeletxeetan hazitako animaliak askatzean oinarritzen da; Foru Aldundiak baimena eman behar du nahitaez.

Mendi-lepo batera iritzsko gara non hainbat seinale dauden, beherako bidea hartuta Arriolara jaitsiko
gara, handik igotzen den pista hartuta, iparralderantz jota, pista berbera jarraituz, Aitzgorri-Aratz
parke naturalean sartuko gara eta Urbiako landetara iritsi gaitezke. Guk zuzen hartu behar dugu, 17 mendian gora, beti ekialderantz.

Beste bidegurutze batera iristean, beherantz doan bide zabala hartuko dugu, beste mendi-lepo batera eramango gaituena. Bertan GR-25 ibilbidearen seinaleak ikusiko ditugu, Galarretara 3,3 km. markatzen duenari jarraituko diogu. Berehala pinudi eta ameztiaren artean irekitzen den bide ospel bat hartuko dugu, beste pista zabalago batera iritsi arte, basoa atzean utzita eskumara joko dugu, aldapan gora ur-andela txiki batera iritsi arte. Hor, Galarretatik jada oso gertu egongo gara, 15 minutuan herrian sartzeko moduan, hori bai, GR-25 ibilbidea ezkerrean utzita, hartu gabe; Korrosparri parajean gaude, bertan proiektatuta dagoen urtegi polemikoari izena ematen diona. Baina hori beste kontu bat da.

By


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*